XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOSE LUIS KORTA 1968 urtean hasi zen Orioko Arraun Taldean.

Ordudanik, Mitxelin, Kaiku, eta Zierbenako taldeetan aritu da entrenatzaile-arraunlari gisa.

Lagunez gain etsaiak ere badituela jakin arren, Oriora bueltatzea erabaki du Ortzaikakoak, garai batean Agilutxoek lortu zuten ospea berriz ere berreskuratzeko asmoz.

Joan nintzenean bezala orain ere lagunak eta etsaiak ditut M. ARRIETA / DONOSTIA.

EGUNKARIA - Zergatik bueltatu zara Orioko Arraun Taldera? JOSE LUIS KORTA.- Ni ez nintzen nere kabuz joan, bidali egin ninduten.

Horrela, berriro bueltatzea eskaini didatenean ez dut zalantzarik eduki.

Baina ni lehen bezalakoa naiz, nire izaera ez da aldatu.

EGUNKARIA - Nolako giroa ikusi duzu herrian? JOSE LUIS KORTA. - Ez dut herrian aritzeko aukera handiegirik izan.

Hala ere, joan nintzenean bezala orain ere lagunak eta etsaiak ditut, baina lehenak ugariagoak direla uste dut eta hori pozgarria da.

Benetako oriotarrak etor daitezela laguntzera.

EGUNKARIA - Orioko trainerua berriro ere lehen postuetara eramateko ekarri zaituzte.

Ez al dizu bildurrik ematen? JOSE LUIS KORTA. - Apostu handiak atsegin ditut.

San Pedro eta San Juan gainditzea zaila baldin bada ere, bi horien atzean ibili gaitezke.

Bestela hutsegitea litzateke.

EGUNKARIA - Herriak banderak nahi ditu.

JOSE LUIS KORTA. - Nik hutsegiten ez baldin badut, aurten ekarriko ditugu.

EGUNKARIA - Oriotar askoren eritziz, irabazteko aukera dagoenean bakarrik atera behar da trainerua.

Zer diozu horretaz? JOSE LUIS KORTA. - Hori ez da horrela.

Azken urte hauetan gertatu dena ez da normala, baina beti irabaztea ezinezkoa da.

Norabiderik gabe aritu dira oriotarrak, baina horretarako ekarri naute.

EGUNKARIA - Zer gertatu da azken urte hauetan? JOSE LUIS KORTA. - Kanpotik errazago ikusten dira gauzak, etxekoak konpontzea izaten da zailena.

Hala ere, politikarekin deskuidatu egin direla uste dut, arraunketa olinpikoarekiko begiragune handiegia izan dute.

Garrantzitsuena txalupa da.

EGUNKARIA - Arraunketa olinpikoan jarraituko duzue? JOSE LUIS KORTA. - Entrenatzen bai behintzat.

Txapelketei dagokienez, lehen postuetan aritzeko gai direnak joango dira soilik.

Gainontzekoak, batel, trainerilla eta traineru txapelketetan arituko dira.

EGUNKARIA - Nola aurkitu duzu arraunlari taldea? JOSE LUIS KORTA. - Jende gaztea da.

Bi edo hiru urte beharko ditugu maila ona lortzeko, gazte jende hau gogortu egin behar dugu.

Horrek ez du esan nahi aurten banderarik lortuko ez dugunik.

EGUNKARIA - Aurten ere tostetan izango al da Korta? JOSE LUIS KORTA. - Ahal izanez gero bai behintzat, barrutik gauzak hobeto ikusten dira.

Trainerutik kanpo gelditzea seinale ona litzateke.

SOSLAIA Banderak eta txanpaina

Hemezortzi urtetan herritik kanpo banderak irabazten ihardun duen oriotarra ekarri dute berriro ere Orioko Arraun Taldera.

Gizon polemikoa da Jose Luis Korta, pentsatzen duena esaten duen horietako bat.

Orioko herrian, lagunez gain etsaiak ere baditu, baina guztiak ere banderazaleak.

Horiek lortzeko asmoz ekarri dute Ortzaikakoa, eta helburua beteko duelakoan dago.

Arraunlarien aurrean aurkeztu zuten egunean esan zuen bezala, orduan izango da txanpaina edateko aukera, bitartean ura.

Nik hutsegiten ez baldin badut, aurten berriz ere banderak ekarriko ditugu.

Banderak irabazteko prest etorri da Korta Oriora.